2015(e)ko uztailaren 14(a), asteartea

ZER IZAN NAHI DUZU?



Lagun batek kontatzen zigun aurrekoan, txikitan, “handitan zer izan nahi duzu?” galdera super-originalari, “zoriontsua izan nahi dut” erantzun ziola. Orduan “ez duzu galdera ulertu” ausartu zen pertsona super-zentzuduna, eta “nik galdera ulertu dut baina zuk erantzuna ez” arrapostu zion berak.
Ba al da erantzuna ulertuko duen heldurik?
Lagun baten alaba, handia denean, munduan zehar bidaiatu nahi du; horregatik ahalik eta gauza gehien ikasi nahi du, egongo den tokietan edozein lan egiteko gai izateko. Eta horri, heldu super-zentzudunok “baina munduan bidaiatzea ez da lan bat” erantzun ohi diogu.
Baina zer da lan bat. Zergatik denek jakin nahi dute (ezezagunek ere) zer egiten edota egingo dugun lan moduan? “Lanean ari zara edota umeez okupatzen zara bakarrik?”… bakarrik? Nola bakarrik? Joan den urtean astean bi egunetan kurtsoak ematen nituen eta denek irizten zioten lan egiten nuela. Orain egunero 24 orduz “umeez okupatzen naiz” (besteak beste!)… baina ez dut “ezer egiten”, lan egitea dirua irabaztea baita. Nire umeak zaindu ordez besteenak zainduko banitu, orduan bai zerbait egingo nukeela!
Baina, lan egitea dirua irabaztea al da benetan? Senarra kantaria da, bere lanarekin dirua irabazten du, eta hala ere askotan galdetzen didate, “abesteaz gain, beste lanik ba al du?”… Nork galdetzen dio, irakasle, ingeniari, funtzionario, edota okin bati, bere lanaz gain beste lanik ba ote duen? ... egiazko lan bat, bistan dena! Gehienek esaten ez badute ere, gehienentzako kantatzea ez baita lan bat. Lagun batek urteak eman zituen dantza eskoletan munduan zehar, besteak beste Marta Grahamen eskola (New York-en) 9 urtez, eta Euskal Herrira itzultzean dantzatzeaz gain ze lan egiten zuen galdetzen zion jendeak. “New York-en” dantzaria zarela diozunean inork ez dizu galdetzen ze lan egiten duzun, beste edozein lan bezala kontsideratua da”, azaltzen zidan berak.
Beraz esan daiteke lan kategoriak daudela. Egiazkoak eta besteak. Eta zeintzuk dira egiazkoak? Nire ustez aisialdian ezin direnak egin. Hori da nire ondorio pertsonala. Hori pentsatu nuen Ahurtiko neska super-zentzudun bati azaldu nahi izan nionean Yoseikan Budo ez zela aisialdia niretzako baizik eta bizitza proiektu bat. Baina ez nuen horrekin dirurik irabazten eta nire denbora librean egiten nuen, beraz bortxaz aisialdia da. Azalpen luze baten ondotik, “oui, bon, moi j’appelle ça un hobby, c’est juste qu’on n’utilise pas les mêmes mots” entzun eta irriño bat oparitu nion…

Eta zuek, zer izan nahi duzue? 

 

2014(e)ko abenduaren 8(a), astelehena

ISTURITZEKO LEIZEA



Igandea, oporrak. Lagun batek dioen moduan “kirol eguna dut nik igandea”, jarririk egon eta burmuina hustu. Niretzako bukatu dira “kirol igandeak”. Orain umeak ditugu. Eta besteen umeak sartzen baditugu gure plangintzan, hainbat hobe. Baina, nora arraio joango gara?
Donamartirira joan gara. Isturitzeko leizea, berriro ere, bisitatzera. Berriro ere, bai, baina beti ikasten dugu gauza berriren bat: harri batean, gainontzeko animalien artean, marraztua zen arrainaren garrantzia (duela gutxi aurkitua), bertan puntako larru lanketarako lantegia zutela eta nola jakin duten perlak jantzietan lotzeko erabiltzen zituztela, mila kilometroko hedapena zuela bertako komertzioak...
Bisita ondotik, "bitxia izan behar du" esan dit lagunak. “Bitxia izan behar du zure arbasoen aztarnarik ez edukitzea", esan du. Gurekin etorri den lagun australiarragatik (baina ez aborigena) esan du. Egia, ez nuen pentsatu. Australian dituzten aztarnak ez dira bere aitona-amonen, aitona-amonen, aitona-amonen, aitona-amonen, aitona-amonen… aztarnak. Agian Isturitzekoak dira!
5 urtetako 2 neskatilentzako, interesgarria baina apur bat luzea. Eskerrak Otsozelaia leizean bazirela horma distiratsuak denetan. Txunditurik zeuden! Hobe ume taldeentzako antolatzen dituzten bisitaldiak, hala ere. Ikastolarekin joan ginen iaz eta probetxugarriagoa izan zitzaien. Baina tira, ongi. Ongi zen Australiatik eta Estatu Batuetatik etorritako bi lagunentzako. Ez, Estatu Batuarraren arbasoen aztarnak ez daude Isturitzen, ekialdeko lurralde urrunen batean baizik. Nik dakidala behintzat. Ongi zen guretzako ere. Eta txikia, titian, hortaz, beretzat ere ongi zela iruditu zait.
Haserre egin dut bisita, hala ere. Haserretu naiz azken unean sartu den bikote batekin. Azalpena hasia zen eta ni tita emateko gibeleratu naiz sartzen ikusi ditudanean. Mutilak, iritsi bezain pronto, besoa luzatu eta sabaian, milaka urte handitzeko borrokan ibili den estalaktita-nini bat errotik atera egin du! Eta hori zertarako? Oroigarri bat nahi al zuen? Ez horixe, diskretuki bota egin du lurrera, inork ikusi ez zuelakoan, neska barrez lehertua zen bitartean. Eskandalu bat egiteko prest nengoen, nire azken erabakia gogora etorri zaidanean: “ekin baino lehen, pentsatu Beltzane!”. “Azkenak etorri dira eta hasierako azalpenak ez dituzte ukan. Eta horretaz gain ez dute burmuinik. Inkontzienteak” pentsatu dut. Hurbildu natzaie eta lasai-lasai esan diet: “Barkatu, argi da hasierako azalpena ez duzuela entzun. Debekatua da leizeko hormak ukitzea azalean dugun azidotasunak izorratzen ditu eta". Bere aurpegian, harridura, ez baitzekien norbait begira zuela. Hortik aurrera ez ditut bistatik galdu, edozein unetan eskandalu bat egiteko prest! baina ezin. Benetan zozoak izan dira bisitaldi osoan zehar, baina ez ditut beste ezer ukitzen ikusi,eta ezin da soilik zozokeria dela eta eskandalu bat egin; beno, ahal da, baina orduan ez nuke besterik egingo nire bizitzan. Eta badut gauza gehiago zerrendan. Adibidez, idatzi, titia eman, Yoseikan Budo, titia eman, alaba handia hara eta hona eraman eta ekarri, titia eman, fardelak aldatu, titia eman, Interneten ibili, titia eman, alabari begira egon, titia eman, irakurri, titia eman, etxeaz okupatu, lo egin… bai! Ez dut “titia eman” idatzi! Badakit! Lo egin behar dut ere, aizue!
Bisita ondoren, behean diren mahaietan piknikatu dugu. Eguraldi ona, umeak jolasean, elkarrizketa interesgarriak, igande on bat. Eta nola ez, egun honetako ekarpenik interesgarriena, umeena! Batek makil handi bat hartu eta "ezpata“ zuela esan du, bestearekin borrokatu nahian, baina besteak makil milimetriko bat besterik ez zuen gaixoak; orduan, mini-makiltxoa begiratu eta "injekzioa!" oihu egin du, ezpataduna ere beldurtzeko moduko ezten pozoitsua eraginez.